
Eibarko Musika Eskolako taldeak Medicus Mundi Gipuzkoaren 40. urteurrenean ospatzeko kontzertuan jo eta abestu egingo dute
Asteartea,11 azaroa 2014
2014 urtean Medicus Mundi Gipuzkoa bere 40 urteko ibilbidea ospatzen ari da pobreziaren aurkako eta pertsona guztientzako Osasun Eskubidearen aldeko borrokan. Horregatik kontzertu desberdinak antolatzen ari da probintziaren barruan bere ibilbidean egin dituen lau hamarkada horiek bere bazkideekin eta Gipuzkoako gainerako herritarrekin partekatzeko. Asteazken honetan, azaroaren 12an, Juan Bautista Gisasola Musika Eskolako talde batzuk izango dira Eibarko ospakizuna eskuzabaltasun osoz girotuko dutenak, ekitaldia 19:00etan izango da Coliseo antzokian.
Sarrera gonbidapenarekin izango da (gonbidapenak, asteazkenean kontzertua hasi baino ordubete lehenago, Coliseo leihatilan har daitezke), eta bertaratzen diren lagunek Gipuzkoako GGKE honen lana gertuagotik ezagutu ahal izango dute, horrez gain era askotako musika kontzertu batez gozatzeko aukera izango dute. Kontzertuan Blue Day eta Face to Eye rock taldeak, Eibarko koru gaztea eta Juan Bautista Gisasola abesbatzak, bi perkusio taldeak, trikitilari taldea eta musika banda parte hartuko dute.