Saltar a contenido

Pitonisa batek gasteiztarren bizi-itxaropena iragarriko du hurrengo ostegunean Arka plazan

Medicusmundi Arabaren eskutik, pitonisa batek gure hiria bisitatuko du hurrengo ostegunean, abenduak 14. Bere bolatxo magiko bereziaren bidez, gure bizi-itxaropena zein den asmatuko du, datu soil bat jakinda: bizi garen auzoaren posta-kodea. Igarleak 13:00etatik aurrera muntatuko du bere postua, Arabako hiriburuaren erdialdean, Arka plazan.
 

Osasuna ez da joko bat. Hala ere, zoriak badu zer esan handia zenbat urte biziko garen determinatzean. Izan ere, bizi garen auzoa edo tokia eta, azken batean, jaiotzeko edo bizitzeko egokitu zaigun posta-kodeak gure bizi-itxaropena baldintzatzen du. Hainbat faktore dira horren arrazoia, hala nola hezkuntza, ogibidea, diru-sarrerak, aisia-eredua, kutsadura-maila, eta elikadura; horiek guztiak dira gure bizi-itxaropena –neurri batean, behintzat– definitzen dituzten determinatzaile sozialak. Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) aitortzen duenez, elementu horiek guztiek badute zuzeneko inpaktu bat pertsonen osasunean.

Esate baterako, neskato baten bizi-itxaropena 82 urtekoa izan daiteke Suedian jaioz gero, edo 46 urtekoa, Sierra Leonan jaiotzen bada. Kontraste hori herrialde baten barruan ere atzeman daiteke, eta Euskadin auzo, herri eta hiri batzuen eta beste batzuen artean; hain zuzen, gure autonomia-erkidegoan bertan aldeak 10 urte ingurukoak ere badira gizonen artean, eta 7 urtekoak emakumeen artean. 

Vitoria-Gasteiz gure hirian ere fenomeno hori gertatzen da? Hala ote den jakiteko, medicumundi Arabaren ekimen honetan parte hartzera gonbidatzen zaitugu; gainera, osasuneko profesional-talde oso berezi bat izango dugu gurekin, Espainiako Gobernuaren 6/2012 Lege Dekretua salatuko duena, de facto osasunerako eskubidearen unibertsaltasuna ezeztatzen baitu, egoera irregularrean dauden atzerritarrak osasun-sistematik baztertzean.

Horrez gain, aukera eskaintzen dizugu Osasunaren Erruleta jokoan parte hartzeko, Euskadin nahiz munduan dauden osasun-desparekotasunak sakonago aztertzeko, www.laruletadelasalud.org webgunearen bidez. Jokatu eta ezagutu gure bizi-itxaropena markatzen duen zorizko elementua!