Saltar a contenido

Medicus Mundi Gipuzkoako Sexu eta Ugalketa Osasunari buruzko Ikastaroa hasi da

Medicus Mundi Gipuzkoak -UPV/EHUren Erizaintzako Eskolaren laguntzarekin- berriro antolatu du Sexu eta Ugalketa Osasun Ikastaroa, bigarren aldiz jarraian UPV/EHUren Ibaetako Campusean egingo dena. Ikastaro honek bere lekua egin du unibertsitateko heziketa eskaintzan, eta bi helburu nagusi ditu: bata, ikasleei sexu eta ugalketa eskubideak kritikoki ulertzeko beharrezkoak diren analisi-tresnak eskaintzea; eta bestea, aztertzea zein faktorek eragiten duten munduko emakume gehienak eskubide horiek gabe bizi behar izateko.

Lekualdatzearekin gipuzkoar elkarteak jende gehiagori eskaini nahi zion heziketa aukera hau, eta asmoa bete du bai aurreko bai oraingo ikastaroetan, eskainitako 45 lekuak bete egin baitira eta itxaron zerrenda ere osatu behar izan baita. Ikastaroan lantzen diren gaiekiko jakinminaren adierazgarri da. Medicus Mundi Gipuzkoako lehendakariorde Inmaculada Vilak emango dio hasiera ikastaroari, eta ikasleei oinarrizko osagaiak emango dizkie Sexu eta Ugalketa Eskubideen kontzeptua eta garrantzia ulertzeko. Gainontzeko jardunaldiak hiru modulutan banatuko dira. Lehenak, hiru saiotan aztertuko ditu Hegoko errealitate anitzak sexu eta ugalketa osasunari buruz. Bigarrenak, hiru saiotan ere, partehartzaileak sexualitatearen mundura hurbilduko ditu; eta hirugarrenak, bost saiotan, bizi garen mundu sistema eztabaidatuko du, Ipar-Hego errealitate desberdinen azterketaren bidez, nola diren maskulinitatearen eredu tradizionala, sexu esplotaziorako pertsonen salerosketa, sexismoa eta indarkeria matxista gazteengan edo emakumeen esplotazioa ehungintzan. Modulu honetan bideo forum bat antolatu da eta “Yo Decido. El tren de la libertad” dokumentala emango da, Haurdunaldiaren Borondatezko Eteteaz eta emakumeen erabakitzeko eskubideaz. Aurreko urteetan bezala, Erizantzako Eskolak eta Medicus Mundi Gipuzkoak hainbat pertsona hautatuko dituzte bekadun praktikak egiteko sexu eta ugalketa osasunaren esparruan, udako bi hilabetetan zehar, Medicus Mundi Gipuzkoaren Peruko kontraparte den Manuela Ramos Mugimenduarekin.