Saltar a contenido

medicusmundi bizkaia: 50 urte. Mende erdia osasun-eskubidea pertsona guztientzako aldarrikatzen

Datorren igandean, urtarrilaren 17an, medicusmundi bizkaia sortu zenetik 50 urte beteko dira. Mende erdia lan egiten osasuna pertsona guztientzat eskubidea izan dadin. Horregatik, modu batean edo bestean, une batean edo bestean, medicusmundiko parte izan garen guztiok elkartzeko aukera ederra dela uste dugu. Topaketa argazki hunkigarri batean betikotu nahi dugu. Animatuko zara? Zure familiarekin, lagunekin edota nahi duzun pertsonekin gerturatu! Igandean, goizeko 12:30ean, Bilbon, Bizkaiko Medikuen Elkargoan (Lersundi kalea 9) elkar ikusiko dugu.

1966.ko urtarrilaren 17an, Bizkaiko Medikuen Elkargoaren babespean, medicusmundi bizkaia sortzeko ekitaldia izan zen Bizkaian ezagunak ziren zenbait doktorek bultzatuta. Hasierako urteetan, farmaziako, medikuntzako eta erizaintzako zenbait profesional hasi ziren laguntza solidarioko zenbait proiektu txiki egiten Ekuadorren, Angolan, Filipinen eta Ruandan, eta farmazia atala sortu zen botikak aukeratu, sailkatu eta zenbait tokitara bidaltzeko. Profesional horiek oporrak baliatzen zituzten leku horietan mediku lanak egiteko. Handik aurrera, lankidetza garatu egin da, baita medicusmundi bizkaia ere. 50 urte daramatzagu pertsona guztientzat osasun publiko eta unibertsala jasotzeko eskubidea aldarrikatzen. 50 urteko konpromisoa herri txirotuekiko, non ez dauden bermatuta oso oinarrizko zenbait eskubide, esaterako, kalitate oneko ura edo saneamendua izatekoa. 50 urte desberdintasunen kontra egiten eta leku guztietako emakumeen jabekuntzaren alde egiten. Gure jarduera Giza Eskubideen eta pertsonaren duintasunaren errespetuan oinarritu dugu beti. 50 urte posible izan dira pertsona eta entitate askoren laguntzari esker. Badakigu oraindik erronka asko ditugula. Horregatik, medicusmundi bizkaiak bere betiko engaiamenduari eusten dio: osasun-eskubidea bermatzea pertsona guztientzako. 2016. urte hau, gainera, 50 urte hauetan elkartearen lan-ibilbidea gogoratzeko erabiliko dugu. Elkarrekin 50 urte hauek ospatzera gonbidatzen zaituztegu.