Saltar a contenido

Lor dezagun ura eta saneamendua izateko giza eskubidea egia bihurtzea Chota barrutiko 3 komunitatetan (Cajamarca departamendua - Peru)!

Ekimen honen helburua da 1.000 pertsonaren bizi-baldintzak eta, funtsean, osasun eta higieneko baldintzak hobetzea. Komunikazio zaileko landa-eremuko 3 komunitatetan bizi dira, Peruko iparraldeko Andeetan, eta gehienak emakumeak eta eskola-adineko umeak dira. Horretarako, ur eta saneamenduko azpiegituraz hornituko dira Chota barrutiko (Cajamarca departamendua) Miraflores, Shotorco Rambrampata eta Wayrak - Choctapata Alto herriak. Aldi berean, higienearen eta osasunaren arloko hezkuntza-programak eramango dira aurrera. Ur edangarria eta saneamendu-sistemak edukitzea luxua da oraindik ere toki horietan. Familien % 90ek iturburu eta ibaietako ura kontsumitzen du, tratatu gabekoa. Hori, higiene eskasa, eta iraizkinak ezabatzeko sistema txar bat gaixotasunak transmititzea errazten duten faktoreak dira (beherakoa eta urdail-hesteetako infekzioak, besteak beste). Gaixotasunok txikienei erasaten diete, eta horrek zuzeneko erlazioa du alde horretan desnutrizio kronikoak dituen indize handiekin.

Ur edangarririk ez izateak, halaber, berariazko ondorioa dakar Cajamarcako emakumeentzat. Izan ere, haiek dute ura garraiatzeko ardura, eta lan horretan ordu asko eman behar izaten dituzte. Hori dela-eta, denbora baliotsu hori hezkuntzan, ekoizpen-jardueretan edo aisialdian erabiltzea galarazita daukate. Gainera, sarri askotan, ez dute parte hartzen urari eta saneamenduari buruzko erabakiak hartzen dituzten botere-organoetan, eta, horrenbestez, haien beharrizan eta egoera bereziak ez dira aintzat hartzen. Komunitateek berek aldarrikatu dute proiektua abian jar dadila, eta hori ezinbesteko baldintza da, zerbitzu horiek iraunkorrak izango badira. Motibazio handia dute, eta herritarrak parte hartzeko prest daude, hala azpiegituren eraikuntzan, nola azpiegitura horien antolaketan eta kudeaketan, bai eta, halaber, osasun eta higienearen alorreko hezkuntza-jardueretan ere. Azpimarratu behar da emakumeek rol nabarmena izango dutela horietan guztietan. Horrela, Peruko agintariek ahazturiko komunitate horietako biztanleen bizi-kalitatea handitu egingo da, haien osasuna hobetuko da, eta, areago, elikagai gehiago ekoitziko da; horri esker, era berean, hiriguneetara edo beste herrialde batzuetara doan emigrazioa gutxiagotu egingo da.

Ura eta saneamenduaren giza eskubidea 1000 familia ingururentzat eskuragarri egiteko ekarpen ekonomikoak Mi Grano de Arena plataformaren bitartez egin daitezke, ondorengo ESTEKAN

Ura biziaren funtsa da. Baliabide bakarra eta ordezkaezina da, funtsezkoa pertsonen bizitza, osasun eta duintasunerako, eta ezinbesteko baldintza gizon-emakumeen eta herrien garapenerako. Ura izateko giza eskubidearen aldeko lankidetza-ekimen hau medicusmundi arabak eta Peruko SER (Servicios Educativos Rurales) GGKEak bultzatzen dute. Azken erakunde horrek Cajamarca departamenduan lan egiten du 1995az geroztik, eta lan-esperientzia handia du proiektu-mota horretan, bai eta Peruko geografia guztian ere. Eskerrik asko zuen elkartasunagatik!