22.12.2009
Pablo Fajarado: “Chevronen aurkako epai batek petrolio-ustiatzaile diren enpresetan, osasunean eta ingurumenean mundu aurrekari bat sor dezake”.
Jatorri indigena duen abokatu ekuatortar honek orain dela gutxi bisitatu gintuen eta petrolioaren multinazional nagusienetariko bat estutasun batean jarri du 2010.urte hasieran egingo den epaiketa batekin.
Pablo Fajarado barnean indar handia duen gizon txikia da. Bere izena Googlen agertzen da David eta Goliaten borroka gogorarazten digun borroka batekin lotuta. Bere aurpegia Ipar Amerikako albistegi nagusietan agertu da eta pertsonaia ezaguna da bere herrialdean, Ekuadorren. Baina benetan Fajarado 30.000 indigena baino gehiagoren aurpegia eta ahotsa da . Frente de defensa de la Amazonian antolaturiko indigenen ahots eta aurpegia hain zuzen, 1993. urtean euren herriaren duintasunarengatik eta milaka pertsonen giza eskubideengatik antolaturikoena. Fajaradoren tesiaren arabera milaka pertsona hauek Chevron (lehen Texako zena) petrolio enpresak oihanaren alde horretan eginikoarengatik osasun kalte konponezinak jasan dituzte.
Multinazionalak egindakoa ukatzen du eta bere frogak ematen ditu, baina epailea izan beharko da 2010. urtearen hasieran, 18.000 milioi euroko kalte-ordainketa ekar lezaken epaia egingo duena. Hala ere, ez da dirua jokoan dagoena. Gauza garrantzitsuagoak dira; kapitalismoaren eta klima aldaketaren ahokadura, globalizazio bateratua eta herri indigenak, gora doan Latinoamerika eta Correa bezalako bere nagusiak eta EEBB ahalguztidunak …
Baina ezer ez da zuri edo beltz (quechua-k “urre beltza/yana curi” deitzen zioten hain zuzen, petrolioari), izan ere Pablo Fajaradoren kausak hainbat laguntza jaso baititu Ipar Amerikan eta mendebaldeko munduan giza eskubideengatik eta klima aldaketarengatik arduratzen diren pertsonengatik.Sting edo al Gore dira 37 urteko gazte honen lagunarteko batzuk, familia txiro batean amazonako alde honetan hazi zen gizonaren lagunak, bizitzaren zorigaitzek aurrera pausoak ematera gidatu zuten gizonaren lagunak.
Matxete batekin sasitza moztetik telebista platoetako eta auzitegietako moketak zapaltzera pasatu da, betiere nondik datorren eta nora doan ahaztu gabe. Bidean hainbat mehatxu eta arazo pertsonalez gain, tesi eta hitz berak banatu ez arren noizbait bere kausarekin bat egin duten pertsona eta erakunderekin topo egin du. Besteak beste medicusmundi . Yana Curi txostena, Miguel San Sebastianek koordinatuak eta gure erakundeak lagundurik sortua, gune horretan zegoen minbizi indizea eta hidrokarburoen isurketa erlazionatu zituen lehenengoetarikoa izan zen.
medicusmundi aragoik orain dela gutxi gonbidatu zuen Joe Berlingerren Crude pelikula Europa mailan aurkez zezan. medicusmundi nafarroak ere bere bidai hunkigarrienetariko batera lagundu zuen, estreinaldiarekin bat eginez Iruñara hurbildu baitzen Fajarado eta nerabe bat besterik ez zenean hezi zuten eta zuzenbide ikas zezan iruñatar baten emandako laguntza ekonomikoa bideratu zuten pertsonak ikusi ahal izan baitzituen, nahiz eta laguntza emandako gizona bera ezin izan zuen ezagutu. Beka hori izan ez balitz agian Chevron indartsuak lasaiago egingo luke lo, ordura arte inor ez baitzen hain urrun heldu halako epaiketa batean. Hori ia bada garaipen bat Amazoniako herrentzako.
Pablo, noizko espero duzu egongo dela epaia?
Espero dut publiko egingo dela datorren urteko otsailaren eta apirilaren artean. Ingurumen kalteak eta konpainiaren errua ezin baino gehiago frogatu ditugu eta konponketaren balioari zenbaki bat ipini diogu. Adituek 27.300 milioi dolarrekoa dela esaten dute. Enpresa, guztiz desesperaturik, epaia saihesten eta justiziari oztopo egiten saiatzen da.
Badira ia 16 urte epai- borroka honekin …
1993an Frente para la Defensa de la Amazonia sortu zen, berrogei urtetan zehar sortutako kutsadurarengatik kalteturiko 30.000 pertsonen taldea. Orduan proposatu zen New Yorkeko epaitegietan akzio legalak hartzea. Bederatzi urte beranduago konpainiak estatu batuetako justizia ezgauzatzat jotzea lortu zuen eta ekuatortarrera jo zuten. medicusmundi ren ikerketekin eta gure errealitatearekin demanda 2003an Ekuadorren egitea pentsatu genuen eta espero dugu orain ebatzi dadin.
Zer bilatzen duzue prozesu honetan? Konpainiako abokatuak dirua besterik ez duzuela bilatzen esaten du…
Gu ez gara dirua eskatzen ari pertsona edo kausa berezi batentzako. Nahi duguna Chevronek kalteak ordaintzea da. Argi dago oihana ez dela inoiz lehen zena izango, baina oraindik hidrokarburoz betetako pisinak garbituz konpon daiteke. Horrek 27.300 milioi dolar balio ditu epaiketako adituen txosten inpartzialaren arabera. 2.000 pertsona kaltetzen dituzten minbizi kopuru handia dago eta hori ezin da munduko diru guztiaz ere erosi. Guk eskatzen duguna ingurugiroa konpontzeaz arduratu daitezen da. Argitu nahi dut gu ez gaudela petrolioaren jardueraren aurka, bai ordea hau ateratzeko moduen aurka, giza bizitzak eta ekosistema sakrifikatuz. Kalteak konpondu behar ditugu: ibaiak eta lurrazpiko uren sedimentuak garbitu behar ditugu eta herriak ur garbi tratatua edan dezan. Herrien ehun soziala berreraiki nahi dugu. Zientzialariek esaten dute dena garbitzeko 20 eta 30 urte bitartean beharko direla. Inoiz ez da lehengo mailetara helduko baina pertsonentzako kaltegarri ez diren parametroetan utzi nahi dugu gunea. Azkenean justizia lortuko delakoan gaude.
Zeintzuk izan dira aipatu dituzun kalte horiek?
Jendearen bizitza oso zaila da gune horretan arazo ekonomikoak eta bazterketa direla eta. Herri indigenentzat aberastasun iturri nagusia ibaia zen. Orain ezin da hala izan isurkari toxikoak direla eta. Gainera bi herri indigena desagertu dira eta beste bost arriskuan daude. Minbiziaren eta leuzemiarengatiko heriotza asko handitu da, batez ere emakume eta umeen artean. Petrolio enpresak, orduan Texako eta orain Chevron, petrolioa ateratzeko baimena lortu zuen 1964ean. 1,4 milioi hektarea baino gehiago eman zitzaizkion; 356 putzu zulatu zituen gune hartan eta operazio maltzur bat egin zuen: gune hartako aintziretara 18.000 galoi ur toxiko isuri zituen. 916 pisina eraiki zituen hondakin toxikoak han izateko eta petrolio poltsekin dauden gas poltsak erre zituen.Egin daitekeen ekintza gaizto eta kriminalena.
Konpainiak salaketa hauek ukatzen ditu, bere ustiapen garaian behintzat, eta hori 1990ean bukatu zen …
Beno, Chevronek parte bat admititzen du. Produkzio ura ohian ekuatortarrean isuri izana admititzen dute, hau da, 16.000 bat galoi ur toxiko isuri izana, baina hori Alaskan eta Venezuelan ere egin dutela esaten dute. Eta esaten dute pisinak egiteko beste lekuetan erabilitako modelo standard -a erabili zutela. Hori gezurra da. EEBBn beste teknika batzuk erabili zituzten ingurumena ez kaltetzearren, baina teknika horiek inoiz ez zituzten Ekuadorren erabili. Ez dute indigenen bizitzekiko kontsideraziorik. Inoiz ez dute admititu euren toxikoak 40 urte beranduago oraindik ere ondorioak sortzen ari direla eta hainbat pertsonen heriotza dakartela. Osasun arazo bat egotekotan jendeak jan aurretik eskuak garbitzen ez dituelako dela esaten dute. 80.000 emaitza baino gehiago ditugu uretan eta zoruan indize toxikoak daudela adierazten dutenak, eta horietatik 60.000 Texakorenak dira.
Alderdi pertsonalago batera itzuliz, hainbat sari garrantzitsu jaso dituzu; besteak beste Goldman, ingurumenaren Nobel sari pribatu bat bezalakoa dena, baina zure konpromisoa garesti ere ordaindu behar izan duzu…
Sariak nik jasotzen ditut, baina nitaz gain 30.000 pertsona horien bizitzak ere badaude eta Ekuador ezagutzera eraman duen kausa baten bozgorailua dira, petrolio industria handien eta multinazionalen jokaeren inguruan aurrekari bat sor dezakeelako. Besteari dagokionean, egia da nire familia osoa desegin behar izan nuela, leku askotan zehar banatu, egia baita jazarpen zuzena jasaten genuela. Gainera orain dela lau urte nire anaietako bat hil egin zuten eta modu bortitzean torturatu. Ez da frogatu enpresak zerikusirik duenik, baina ezta kontrakoa ere. Eskerrak Jaungoikoari, ni behin baino gehiagotan libratu naiz, eta horregatik nago hemen eta borrokan jarrai dezaket. Nire amak, jada zaharra denak, 80 urterekin, utz dezadan eskatzen dit. Nik barkamena eskatzen diot egiten diodan minarengatik, baina ez dut utziko. Gure bizitzaren parte bat jarri dugu honetan eta gure seme-alabak komunitatean duintasunez bizi daitezen nahi dugu.





