03.02.2012 «Osasuna garapenaren lankidetzan eta ekintza humanitarioan» 2011ko aurkezpena
medicusmundi, Prosalus eta Munduko Medikuek euskal administrazio publikoei ohartarazi dietenez GLOetan egindako murrizketek kinka larrian ipin ditzakete herrialde txiroetan lortutako aurrerabideak
Osasungintzaren alorrean espezializatutako Médicos del Mundo, Prosalus eta Medicus Mundi gobernuz kanpoko erakundeek (GKE) gaur goizean Donostian 2011ko ekitaldiari dagokion «Osasuna garapenaren lankidetzan eta ekintza humanitarioan» txostena aurkeztu dute. Txosten hori azkeneko hamar urteetan prestatzen dute, eta helburua nazioarteko, Estatuko, autonomia-erkidegoetako eta tokian tokiko eraginkortasuna eta inpaktua hobetzea da. Hori horrela izanik, aurtengo ondorio nagusia Espainiako Gobernuak eta autonomia-erkidegoek garapenaren laguntza ofizialetan (GLO) egindako murrizketak dira.
Azterlanak salatzen duenez, Espainiako GLOetan 654 milio dolarreko murrizketa gertatu da , nahiz eta inguruko gainerako herrialdeetako portaera bestelakoa izan den (herrialde horietan laguntza % 7,5 handitu da). Alde horretatik, aipatutako hiru GKEek ohartarazi dute laguntzak murrizteak ondorio kaltegarriak izan ditzakeela, eta gaineratu dute beharrezkoa dela kontuan izatea lankidetzarako gastua ez dela kentzeko moduko partida, lehentasunezkoa baizik; batez ere, osasuna, hezkuntza eta tankerako oinarrizko gizarte-zerbitzuei buruz ari garen aldetik.
EAEri buruzko txostenaren datuak , oro har, positiboak dira; izan ere, garapenaren laguntza ofizialera bideratutako funtsak 2010ean % 11,86 handitu dira (hau da, guztira 44.352.387 €). Datu horiek esku artean hartuta, EAE da Espainiako Estatuan deszentralizatutako lankidetzan pisu handiena izan duen hirugarren autonomia-erkidegoa , Andaluziaren eta Kataluniaren atzetik; guztia ere autonomia-erkidegoetako lankidetzarako partidan murriztu dituzten testuinguruan (57 miloi eurotan murriztu baita aipatutako laguntza).
Nolanahi ere, EAEren lankidetzari buruz hain positiboak ez diren datuak ere ipini ditu mahai gainean . Esate baterako, osasungintzara bideratutako laguntza aurreko urtearekin alderatuta % 61 handitu badute ere, EAEko GLOaren guztizkoaren % 6,92 baino ez da izan; hau da, osasungintzaren alorreko GKEek osasungintzaren alorreko lankidetzaren nazioarteko konpromisoak bete ahal izateko eskatzen duten % 15 horretatik oso urrun.
2012ko aurrekontuak
EAEko administrazio publikoek 2012rako bideratutako garapenerako laguntza orokorrak ere izan dituzte hizpide txostena aurkeztu duten GKEek. Gehienek GLOrako eskainitako ehunekoei eutsi diete, nahiz eta krisi garaian erretiratzeko moduko partidatzat ikusten duten. Konparazio batera, Gasteizko Udalak , lankidetza-politikak garatzen aitzindaria izan bada ere, orain gutxi aurreratu du lankidetzarako ekarpena hiru milioi eurotik 300.000 eurora murriztuko duela; hau da, ia % 90eko murrizketa (partida osoa desagertzeraino, ia-ia).
Zapuzteko zorian dauden emaitza onak
Txostena aurkeztu duten GKEk jakinarazi dutenez, joera horiek kinka larrian ipin ditzakete osasungintzaren alorreko hiru Milurteko Helburuetan 1990etik hona lortu diren emaitza eztabaidaezinak. Gaur egun, 12.000 haur gutxiago hiltzen dira egunean; 1990ean bizirik jaiotzen ziren 100.000 haurretatik 440 ama hiltzen ziren, eta gaur egun kopuru hori erdira murriztu da (290era, alegia); GIB/hiesaren eragina eta malariaren hilkortasun-tasa % 25 murriztu dira.
Nolanahi ere, aipatutako hiru gobernuz kanpoko erakundeek ohartarazi dutenez, oraindik ere helburu asko daude lortzeko . Hori dela eta, euskal erakunde guztiei dei egin diete finantzazio-lerro guztiei eusteko , eta, horrez gain, erremintak garatzen aurrerabideak egiten jarraitzeko, laguntzetan eraginkortasun handiagoa lortzeko bidean; esate baterako, urte anitzeko programen apustuari helduta.
Hori horrela izanik, erakundeon esanetan, ezinbestekoa da milurteko garapen-helburuak betetzen jarraitzeko ahaleginak indartzea ; batez ere, kolektibo hauskorrenak dauden eskualdeetan, herrialdeetan eta inguruetan, osasun-sistema publikoak sendotzeko apustua eginda eta osasunaren alorreko lehen mailako arretaren estrategia ezarrita.
Euskal administrazioek garapenaren laguntza ofizialarekin hartutako konpromisoari babesa adierazten diote Médicos del Mundo, Medicus Mundi eta Prosalus erakundeek. «Gaur inoiz baino gehiago, GLOa ezinbestekoa da milioika pertsonarentzat, eta, horrez gain, justizia-irizpideei erantzuten dien betekizun etikoa ere bada; ez dugu ahaztu behar sinatutako konpromisoa dela, botere publikoen obligazioa, 2007an onartutako Lankidetzari buruzko euskal Legeak dioenez.»





