Saltar a contenido

Apirilaren 30ean Getxon, bainujantzia hartu Ur Basque People jarduerarako!

Fadurako kiroldegiak hartuko du apirilaren 30ean, igandean, Ur Basque People ekimen solidarioa, Ur Irekiak Galea Taldeak antolatuta, Getxo Udala eta Laboral Kutxarekin lankidetzan. Ekimen honen bigarren ekitaldia da –lehenengoa iaz egin zen Plentzian-, igeriketa eta ur-kiroletako zaletu guztiei zuzendua. Bertan dirua bilduko da MedicusMundi GKErentzat eta premia-premiazko elikagaiak batuko dira Sortarazi Elkartearentzat.

Álvaro Gonzálezek nabarmendu du “ezbairik gabe, kirol-elkarteak sentsibilizatuta daude eta kalteberatasun egoeran dauden edo beste era bateko beharrak dituzten lagun zein kolektiboak laguntzea helburu duten ekimenen aurrean arduratsu jokatzen dute. Duela aste pare bat ikusi genuen, Punta Galea Txirrindulari Elkarteak sendi getxotar bat laguntzeko antolatu zuen jaialdiarekin, eta seguru gaude berriro ikusiko dugula datorren apirilaren 30ean. Helburu solidario horrekin, eta Faduran jolasteko eta igeriketa bultzatzeko egun batez gozatzeko asmoarekin ekingo diogu probari”.

Erreleboak eta igeriketa jarraitua

Fadurako 25 metroko igerilekuan izango da topaketa, 10:00etatik 14:00etara, eta modalitateak hauexek izango dira: 100 metrotako erreleboetan, familian (beti ere kide bakoitzak gutxienez 25 metro igeri egiten baditu); eta igeriketa jarraituan (parte-hartzaile bakoitzak egindako distantzia ekimenak iraungo duen 4 orduetan 200 kilometro lortzeko helburu bateratuari gehituko zaio).

Alazne Aurrekoetxea paddle surfeko Europako txapeldunordeak, ekimenaren antolakuntzako laguntzaile dena, adierazi du aurten “tokia eta helburua aldatu ditugun arren, gure ilusioa bere horretan dago, gure laguntzaren beharra duen jendearengana jotzeko. Ekitaldi hau deiadarra da, bai urarekin nolabaiteko harremana dutenentzat bai kausa on batengatik igerilekuan igeri egin nahi dutenentzat”.

10€ko donazioa

Modalitate bata zein bestean parte hartzeko, pertsonako 10€-ko donazioa egin beharko da (14 urtetik beherakoek dohainik parte hartu ahalko dute). Izen-emateak https://urbasquepeople.com/ webgunean egin ahalko dira. Horrez gain, donazioak egin daitezke medicusmundi bizkaiaren kontu korrontean: ES95 3035 0064 25 0640073228.

Bildutako diru guztia El Reposo Guatemalako udalerriko osasun-zentroan behar den medikuntzako materiala erosteko bideratuko da.