Saltar a contenido

Kezkagarria egiten zaigu

Azkeneko San Balentin egunaren testuinguruan, Medicus Mundi Gipuzkoak, Farapi Koop. Elkarteak eta EHUko antropologia departamentuak ikerketa bat argitaratu genuen eta, horren bidez, “Gaizki amaitzen den gauza ederra ote da maitasuna?” izenburupean, Gipuzkoako nerabeek eta gazteek maitasun erromantikoaren inguruan dituzten ideiak jorratu nahi izan genituen. 13 eta 18 urte bitarteko neska-mutiletara mugatutako azterketa honen bidez ikusi nahi izan genuen maitasunaren eta sexuaren inguruan sortutako itxaropenek badutela eraginik haien jokatzeko moduan eta erlazio afektiboak eta sexualak finkatzeko orduan, eta halaber, sexu- nahiz ugalketa-osasunerako kaltegarri izan zitezkeen jokabide eta jarrerak hauteman nahi izan genituen, indarkeria matxista bihurtzeraino irits zitezkeelako.

Ikerketa horretatik ateratako ondorioetatik beste ideia batzuk sortu ziren, eta horrelako zerbait susmatzen bagenuen ere, kezkatzeko motibo izaten jarraitzen dute. Gu mugitzen garen gizarte-errealitatera ekartzen baditugu, berdintasuna lantzeko testuinguru konplikatu samar bat erakusten digute, baina horrek ez du esan nahi berdintasuna lantzea ezinezkoa denik. Beharrezkoa dugu egunez egun sumatutako indarkeria matxista hori identifikatzea, arazo gisa duen garrantzia eman behar zaio horri, eta aurre egiteko modua bilatu; baina hori oraindik urrun daukagu, izan ere, CISek joan den ekainean argitaratutako azken barometroaren arabera, emakumeen aurkako indarkeria soilik biztanleriaren % 0,9 baten hiru kezka nagusien artean aurkitzen baita. Kontuan izanik, gainera, aurten dagoeneko 61 emakume erail dituztela. Funtsezkoa da gaur egun gizonen eta emakumeen artean dauden desberdintasunekin loturik ikusgarritasun, kontzientziazio eta konpromiso handiagoa lortzea gizarte-eragile guztion artean, izan ere, bai hori eta bai sistema patriarkala ere, mundu osoko gizarte guztietan indarkeria matxistak dituen adierazpen ugarien sorburu eta beharrezko lehengai bilakatu baitira, eta zoritxarrez, kasu askotan, emakumeen erailketen arrazoi ere bai. Ikusgarritasun, kontzientziazio eta konpromiso handiagoa erdiesteko bide horretan, herri-administrazioko, GKEetako eta gainerako mugimendu eta elkarteetako partaide garen pertsona guztiok, eta are edozein gizarte-kolektibotako kide eta herritar guztiok ere, erantzukizun bat dugu. Eta bai, batzuek beren kezka agertzen dute, horrela onartzen dute, eta arazo horri aurre egiteko indarrak batzeko gogoa eta erabakitasuna agertu ohi dute. Farapi elkartean gure larruazalean bizi ahal izan dugu hori, esate baterako, ikerketa amaitu ondoren, ikerlan hori gizartera zabaltzearren probintziako kolektibo eta hezkuntza-eragileekin egin ditugun tailerretan, nerabeekin eta gazteekin abian jarriko diren dinamikak sortzen lan egin dugunean, baina baita Medicus Mundi Gipuzkoan ere, ikerketa eta heziketa helburutzat izan dituen prozesu honetan parte hartu duten udalerrietako udalekin nahiz Gipuzkoako Foru Aldundiarekin egin ditugun bileretan. Bai hezkuntza-eragileen eta herri-administrazioen kezkak eta bai gureak ere bat datoz, eta egindako azterlan horren ondorioetan laburbilduta daude. Bai nerabeei eta bai gazteei ere bikotearena iruditzen zaie bizi-egoerarik egokiena; kezkagarria egiten zaigu haiek pentsatzea beste pertsona baten beharra dagoela bizimodu ase bat edukitzeko, eta porrot gisa jotzea, berriz, bikoterik gabeko bizitza. Bikoteak emango ligukeen bizi-egoera egoki horretan egon arren, kezkagarria egiten zaigu, halaber, gatazka maitasunak berezkoa duen zerbait gisa onartzea eta “liskarrik gabe maitasunik ez dagoela” pentsatzea. Kezkagarria egiten zaigu bikotearen presentzia gero eta konstanteagoa egitea; izan ere, teknologia berriek erraztu duten gauza da (whatsapp, facebook eta gainerako sare sozialak...), eta gaur egun funtsezko papera betetzen dute nerabeen eta gazteen errealitatean, eta halaber, neskek beren bikoteentzat beti prest egon beharra gero eta onartuagoa edukitzea. Kezkagarria egiten zaigu, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunarekin loturiko funtsezko balioak nahikoa onartuak dauden arren, praktikan oraindik ere zenbait desberdintasun nolabait legitimatzea, esate baterako mutilek eta neskek amodiozko harremanetan betetzen duten eginkizunari buruzko ikuspegi desberdina. Benetan kezkagarria egiten zaigu harreman afektibo-sexualen aniztasunari dagokionez ereduen hutsune nabarmen bat topatzea, homosexualitatea eta bisexualitatea argi eta garbi baztertzen dituzten jokaerak hauteman baititugu. Kezkagarria egiten zaigu gorputzak, batez ere neskenak, oraindik ere objektutzat hartzea, desiorako eta kontsumorako elementu bilakatuz; horretan ere teknologia berriek zeresan garrantzitsua dute, sare sozialetan mutilak eta, batez ere, neskak etengabe erakusgai eta aztergai publiko bilakatzen baitira. Kezkagarria egiten zaigu, halaber, beren sexu-ohiturekin loturiko zenbait jokabidek dakartzaten ondorioak eta teoria ezagutzea, eta, horrez gain, sexu- nahiz ugalketa-osasunari nola eragin diezaieketen ere ezagutzea, baina praktikan, beren sexu-harremanen inguruan erabakiak hartzeko orduan, beren irizpideak defendatzeko nahikoa estrategia ez edukitzea –batez ere nesken kasuan, izan ere, beren gain hartu beharra izaten dute sexualitate propioaren kontrola, mutilari erantzun bat eman beharra eta erlazioei dagokienez neskek eduki beharreko jokabidearen inguruan ezarritako ereduari egokitzen ez zaizkion neskak seinalatzea–. Guztiz kezkagarria egiten zaigu neska-mutilek indarkeria fisikoaren inguruan duten kontzientziazioa handitzea, baina halere, beren bizitzetatik oso urrun dagoen zerbait bezala ikustea, eta ez eragiten dien gizarte-sistemaren parte bezala, hurbileko inguruneetan ager daitekeen zerbait bezala eta, batez ere, haiei zuzenean eragin diezaiekeen zerbait bezala, maila desberdinetako kontrolak, jazarpenak eta indarkeria mota desberdinak deskribatzen dituzten arren, batzuetan “harremanek berezkoa duten” zerbait gisa ikusten baitute. Funtsean Gipuzkoako probintziako gazteleku batzuetan egindako azterketaren ondorioetatik atera ahal izan ditugun kezka hauengatik agian, eta gai honekin loturiko lana jarraitu ahal izateko gidaliburu gisa, ikerketa burutu duen taldeak gomendio batzuk egiten ditu. Eta egia bada ere, alderdi positibo gisa, gaur egun hori zalantzan jar dezaketen eztabaidak topa ditzakegula, azken urteetan mugimendu feministak eta herri-administrazioak burutu izan dituzten kontzientziazio eta sentsibilizazio arloko ekintzei esker zenbait aldaketa positibo daudela adierazten diguten planteamenduak eta esperientziak badauden arren, eta gizonaren eta emakumearen ereduetan gizarte arloan aldaketa batzuk egon diren arren, badaude, halaber, beste premia batzuk, landu beharreko bi ildo nagusietan laburbil genitzakeenak. Alde batetik, maitasun-idearioarekin loturik, bikoteari eta harremanei buruzko ikuspegiekin loturik, sexu- nahiz ugalketa-osasunarekin loturik eta nerabezaroko eta gaztaroko gorputzarekin loturik ezagutzak eraikitzen jarraitu beharra dago on line nahiz off line egiten dituzten adierazpenak ardatz hartuta. Beste alde batetik, nerabeei eta gazteei zuzendutako sentsibilizazio eta prebentzio arloko ekintza bereziak antolatu behar ditugu, balio eta helburu komunak abiapuntutzat hartuta haiek bizi dituzten errealitate desberdinak kontuan hartuko dituztenak (adinaren arabera, jatorriaren arabera eta abar), errealitate horietara egokitu daitezen eta, abiapuntu horietatik, berdintasuna lortzeko eta edozein maitasun-modurekin loturiko indarkeria matxista arazo bat dela identifikatzeko ibilbide bat finkatu dezaten, kontzeptu eta gaitasun berriak sortuz eta, batez ere, joko-arau berriak sortuz, sexu-harremanetan eta harreman afektiboetan neska-mutilen arteko errespetua, autonomia eta berdintasuna helburu izanik. Medicus Mundi Gipuzkoak, Farapi Koop. Elkarteak eta EHUko Antropologia Departamentuak bide horretan aurrera egiteko asmoa dute. Neska-mutilei zuzendutako sentsibilizazio eta prebentzio arloko ekintza bereziak antolatzen eta ezagutzak eraikitzen jarraituko dugu. Horretarako, neska-mutilek eskaintzen dizkiguten arrastoak hartuko ditugu kontuan. Eremu egokiak bilatzen jarraituko dugu, gauza formalak eta informalak bilduko dituztenak, diskurtso teorikoa atzean utzi eta ariketa praktikora hurbilduz, adin hauetako aisialdiarekin eta denbora librearekin lotuagoak dauden lan-dinamikak eta erremintak erabiliz. Horretarako, prozesu hau martxan jarri duten eragile desberdinekin talde-lanean jarraitu ahal izatea espero dugu; baina betiere, jakina, nerabe eta gazteekin hasiz eta hezkuntza-eragileekin eta herri-administrazioekin jarraituz. Eta halaber, indarkeria matxistarik gabeko eta emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunik gabeko gizarte bat erdiesteko lanean lagundu nahi duen edozein kolektiborekin edo eragilerekin.