Saltar a contenido

Sexu hezkuntza integralaren erronka

Laster, Medicus Mundi Gipuzkoako erakundeak, “Manuela Ramos de Peru” mugimenduarekin eta Ekuatoreko “Erronka” erakundearekin landutako txosten bat argitaratuko da. Txosten honetan testuinguru bakoitzean abian jarri diren politiken balantzea egiten da; erreferentziatzat hartuta Biztanleria eta Garapenari buruzko IV. hitzaldi internazionalean onartu zen ‘Akzio Programa’. Hitzaldi hau El Cairo hirian burutu zen 1994an, eta bertan, lehen aldiz, sexu eskubide eta ugalketa eskubideekin lotutako gaiak tratatu ziren.

Txosten hau idazteaz arduratu garen hiru erakundeok, lehenago eskubide hauen alde hainbat proiektutan batera lan egin dugunok, ondorioak atera ditugu; hauetan nabarmenduz, emakumeen eskubideen eremuan, aurre egin beharreko erronkak komunak direla mundu osoan zehar. Herrialdeek euren ahaleginak gauzatzeko garaian hartu beharreko neurrien artean, hiru erakundeek sexu hezkuntza integrala martxan jartzeko beharrari eman diote garrantzia berezia. Aurrerapen zientifikoek oinarrizko osasun kontzeptua aldatu dute. Gaur egun, osasunak ikuspegi zabalagoa du eta dimentsio sexual eta afektiboa barneratzen ditu; beraz, ez da soilik min eta gaixotasun eza. Hori dela eta, osasun sexuala sexualitatearekin lotutako ongizate fisiko, emozionala, mentala eta soziala bezala definitu da, eta ez bakarrik gaixotasun eta ezgaitasunen desagertzearekin. Osasunak sexualitate eta harreman sexualekiko errespetuzko ikuspegi positiboa eskatzen du; era berean, sexu esperientzia seguruak eta atseginak izateko aukera eskaini behar du, diskriminazio eta indarkeriarik gabe gauzatuz; gure osasuna zaintzeko eta gure sexualitatea modu positiboan, arduratsuan eta besteekiko errespetuan bizitzeko aukera ziurtatu behar du. Hori dela eta, gure behar eta eskubideez jabetu behar dugu, eta hau posible izango da soilik gure hezkuntzaren lehen faseetatik hasi eta heziketa ibilbide osoan zehar sexu hezkuntza integrala jasotzen badugu. Horretarako, ikastetxeek ikasleen pentsamendu kritikoa bultzatu behar dute gizakiaren sexualitatearen adierazpenen eta erlazio pertsonalen inguruan, gai hau azalpen biologikoetara mugatu gabe. Sexu hezkuntza integrala tratatzea oso garrantzitsua da Sexu Transmisioko Gaixotasunak edo nerabeen haurdunaldiak ekiditeko, bereziki ahultasun egoeran daudenentzat; hala nola, genero indarkeria jasaten duten emakume eta neska gazteak edo baliabide ekonomiko gutxi dituzten pertsonak. Bestalde, beharrezko informazio zientifikoa ez izateak arrisku egoerak sortzen ditu, hauek familia gatazketan, eskola porrotetan, abortuetan edo sexu transmisioko gaixotasunetan amaitzen direlarik. Sexualitatea, dudarik gabe, jaiotzatik gizakiak berezkoa duenez, geure buruei galdetu behar diegu zer nahiago dugun: sexualitatea debekatutako gaia izaten jarraitzea eta isilik mantentzea ala geure gizarteko haur eta nerabeak modu integralean heztea. Horretaz gain, gobernuek, eskubideen bermatzaile direnez, euren ardurak hartuz, lege eta neurriak sortu behar dituzte hezkuntza sexual integrala Hezkuntza Sisteman barnera dadin.