Saltar a contenido

Abortuaren erreforma indarrean sartzeak babesik gabe utziko ditu adin txikiko zaurgarrienak

Alderdi Popularreko gobernuak orain berriki onetsitako abortuaren erreformaren arabera, adin txikikoek aitaren edo amaren baimena beharko dute haurdunaldia eteteko, eta erreforma hori, hain zuzen ere, irailaren 28an Abortu seguru, legezko eta eskuraerraz bat izatearen aldeko Nazioarteko Ekintza Egunarekin batera sartuko da indarrean. Medicus Mundi Gipuzkoak eta beste zenbait elkartek NosotrasDecidimos Plataformaren barruan parte hartuko dute Nazioartera zabalduko den kanpaina honetan –izan ere, Gipuzkoako elkartea bertako partaideetako bat da Estatu mailan–.

Laurehun gizarte-erakundek osatzen duten Plataforma horrek salatzen duenez, lege berri honek eragin kaltegarriak izango ditu egoera zaurgarrienean aurkitzen diren nesketan, esaterako sexu-gehiegikerien biktimetan, familia desegituratuetan bizi direnetan, gurasoak espetxean dituztenetan edo familia baten babesik gabe aurkitzen direnetan. Neska hauek, azpimarratzen dutenez, babesgabetasun handienean geratuko dira erreforma honen ondorioz, eta beren bizia arriskuan jarri beharko dute klandestinitatean egin beharko baitituzte abortuak. ACAI (Asociación de Clínicas Acreditadas para la Interrupción del Embarazo) elkarteak emandako datuen arabera, abortatzeko beren gurasoen baimenik ez duten gazteen ehunekoa gutxitu egin da azken bi urteetan eta, orain arte, % 9koa izan da, urtean 400 adin txikiko baino gutxiago. Egiari zor, abortatzea erabakitzen duten adin txikiko gehienek beren gurasoen laguntzarekin egiten dute, eta lege hori aldatzeak eragotzi egiten die zaurgarritasun-egoeran aurkitzen diren neskei erabakitzeko gaitasuna. Horrenbestez, erreforma honek, PP alderdiak adin txikikoak babesten dituela esanez justifikatzen badu ere, lehendik babestuta zeudenak babestuko lituzke. Medicus Mundi Gipuzkoa elkarteak eta Nosotras Decidimos Plataformak horrexegatik azpimarratu nahi dugu lege berri honen bidez urratu egiten dela adin txikikoen erabakitzeko eskubidea. Bi erakundeon iritziz, ez du zentzurik 16 eta 17 urterekin organo bat eman, ezkondu, emantzipatu edo ama izateko aukera edukitzea, baina ama ez izatea erabakitzeko aukerarik ez izatea, amak edo aitak baimenik eman ezean. Oposizio guztia aurka egonik eta PP alderdiko kide batzuen botoek ihes egin ondoren gehiengoz onetsitako lege berriak entzungor egiten die Nazio Batuek eta Nazioarteko Amnistiak, besteak beste, egindako larrialdi-deiei, izan ere erakunde horien iritziz gero eta neska nerabe gehiagok joko dute abortatzeko prozedura arriskutsuetara, lege berrian osasun eta lege arloko babesik topatzen ez dutelako. Lege horrek agerian utzi du PP alderdiak ez duela inolako borondate politikorik nahi gabeko haurdunaldien arazoari aurre egiteko, Gobernuak ez duelako abian jarri sexu- eta ugalketa-osasunari eta haurdunaldia borondatez eteteari buruzko 2010eko Lege Organikoan jasotako inolako aurreikuspenik, eta beraz, ez da sexu-heziketaren alorreko inolako neurririk garatu nahi gabeko haurdunaldiak eta babesik gabeko sexu-harremanen bestelako ondorioak ekiditeko.