21.10.2011 Baretu da duela astebete baino gehiagotik Guatemala astindu duen euri-ekaitza.
Ekaitza Guatemalan
Kalterik handienak Quetzaltenangoko Departamenduan egin ditu, hain zuzen ere, medicus mundi bizkaiak komunitate-osasuneko zenbait proiektu garatzen ari den tokian.
Escuintlan, San Vicente de Pacayátik gertu dagoen herrixka
Coordinadora Nacional para la Reducción de Desastres (CONRED) delakoak egoera meteorologikoaz bidalitako azken txostenaren arabera, urriaren 11tik Erdialdeko Amerika astindu duen euri-ekaitzak honako ondorioak utzi ditu: 38 hildako, 5 desagertu eta 524.480 kaltetu. Horrez gain, 14.966 pertsona daude babestuta lurralde osoan prestatu diren 155 aterpetan.
Uholdeen eta luizien ondorioz, 14 hildako izan dira Quetzaltenangoko Departamenduan. Txosten ofizialaren arabera, beste 3 pertsona hil ziren Jutiapako Departamentuan, eta beste hainbeste Totonicapanen. Suchitepéquez, Santa Rosa eta Huehuetenangoko eskualdeetan 2 hildako izan ziren departamentu bakoitzean; eta Baja Verapaz, Chimaltenango eta Sololán, hildako bana.
Joan den ekainean Erdialdeko Amerikan euriteak hasi zirenetik, 79 hildako izan dira erregistro ofizialen arabera. Bide-sarearen %42 hondatuta dago euriteen ondorioz; 22.685 etxebizitzak kalteak izan dituzte, eta beste 4.768 arriskuan gelditu dira.





