19.01.2012 medicusmundi arabak GKEen Koordinakundearen manifestua sinatzen du
Lankidetza eraldaketa lortzeko Nazioarteko elkartasunaren aldeko manifestua Gasteiztik
Gasteizko hiritarren eta beren ordezkari politikoen konpromiso solidarioak bultzatuta, Gasteizko Udalak garapenerako lankidetza politika bat abiarazi zuen 1988an, eta politika horrek kalitatea izan du beti ezaugarri nagusitzat. Kordobarekin batera, Gasteizkoa Estatuko lehen udala izan da bere aurrekontuaren zati bat bideratu duena pobrezia desagerraraztera eta hiritarrak pobrezia sortzen duten arrazoien inguruan sentsibilizatzera. Gainera, lehenengoa izan da aurrekontuaren %0,7 nazioarteko lankidetzara bideratu duena eta lehenengoa baita ere konpromiso historiko hori gainditu duena. Hala, hiritarrek eginiko ahaleginari eta Udaleko alderdi politikoen adostasunari esker, Gasteiz eredugarri bilakatu da nazioarteko garapenerako udal politiketan. 20 urte hauetan lorpen asko egon dira, baina bereziki azpimarratzekoa da milaka lagunek bizi-baldintza hobeak lortu dituztela eta beren oinarrizko eskubideak aldarrikatzeko gaitasun handiagoa dutela.
Paradoxikoki, gaur gastu soziala murrizten ari da, hor barruan garapenerako lankidetza sartzen delarik, eta horrek berekin dakar hiritarren eskubideak murriztea. Hiriak historian zehar emandako pauso guztiak ezerezean gera litezke, gobernu taldeak 2012rako egin dituen udal aurrekontuen zirriborroak ia %90 murrizten baitu garapenerako lankidetzara bideratutako partida. Udalak aipatu aurrekontu hori onartzen badu, 2012an Gasteizko Udalaren garapenerako lankidetza politika ez da jada erreferentziazkoa eta eredugarria izango, baina ez hori bakarrik, ezerezean geratuko baita ia guztiz desagertzeraino.
Hain zuzen ere, bizi duguna bezalako krisi sasoietan pertsonek izan behar dute udal politika guztietako lehentasun nagusia, beste edozein interesen gainetik. Hiriaren nortasuna eta bertako elkartasun sareak ezin dira ez murriztu ez eta bigarren plano batera pasatu, krisia aitzakiatzat hartuta. Politika publikoak, kasu honetan garapenerako lankidetzakoak, hiriaren eta bertako biztanleen ondarea dira eta urtetan zehar harro eutsi diote elkartasuneko lidergoari.
Beraz, ez da zuzena horrela mespretxatzea hiriak gizarte zibilaren eta ordezkari politikoen inplikazio zuzenari esker egin duen lankidetzako lana. Ez da ez zuzena ez morala murrizketa odoltsu hauek egitea, garapenerako lankidetzak alderdi humanoa duelako eta eragin zuzena ere bai pobrezia eta desberdintasun egoeretan bizi diren herrialde pobretuetako milioika pertsonaren hezkuntzan, osasunean, gizon eta emakumeen arteko berdintasunean eta
azpiegituren sustapenean, besteak beste. Kaltetuak suertatuko dira halaber hiritarrak pobreziaren arrazoiez sentsibilizatzeko gure ingurunean garatzen diren ekintza eta ekimenak.
Hauen helburua da garapen eredu berri bat eraikitzea, gaur egun daukagunaren desberdina, pertsona gutxi batzuentzako aberastasuna sortuko ez duena munduko biztanle gehienen kaltetan.
Gauzak horrela, eskatzen dugu Gasteizko Udalako gobernu taldearen hasierako proposamena zuzendu dadila, aurrekontu horiek espreski jaso eta aplikatu ditzaten garapenerako lankidetzan indarrean dauden konpromiso politiko eta sozialak. Konpromiso horiek kontsentsu bidez adostu ziren eta halaxe jasota dago 2010-2013 Garapenerako Lankidetzaren Plan Zuzentzailean: “Gasteizko Udalak konpromisoa hartzen du udal
aurrekontuaren %1 Garapenerako Laguntza Ofizialera bideratzeko 2010-2013 Plan Zuzentzaileak indarrean dirauen bitartean. Portzentaje hori kalkulatzeko kontuan hartuko da Udal Aurrekontuko diru-sarrera arrunten batuketa (diru-sarrerak ataleko 1-5 kapituluak)”.
Era berean, eskaera hau udalean ordezkaritza duten talde guztiei luzatzen diegu eta bereziki PSE alderdiari, aurrekontuak onartzeko orduan lehentasunezko bazkide den aldetik. Ez litzateke koherentea Eusko Jaurlaritzan garapenerako lankidetzarekiko konpromisoa eta borondate politikoa erakutsi duen alderdiak politika hori desagertzen uztea Gasteizko Udalean, batik bat jakinik hainbeste pertsonari eragiten diola.
Euskadiko Garapenerako GKEen Koordinakundea.
www.ongdeuskadi.org





