Saltar a contenido

Zenbait gizarte-erakundek salatu dute klima-aldaketa dela munduko migrazioen kausa nagusia, eta egoera aldatzeko ekintzak eskatzen dituzte

Urriaren 17an Pobreziaren Kontrako Nazioarteko Eguna dela eta, gizarte-erakundeetan dihardugunok mobilizaziorako deia egiten diogu gizarte osoari, pobrezia eta desberdintasuna desagerrarazteko neurri zehatzak eta eraginkorrak lortzeko.

Klima-aldaketak dena aldatzen du! lelopean, Euskadin zenbait jarduera egingo dira pobrezia eta desberdinkeriak desagerrarazteko neurri eraginkorrak hartzearen premiari buruz sentsibilizatzeko, besteak beste, bizi-martxa, hitzaldiak, antzerkia eta zineforuma, eta klima-aldaketa eta horrek eragiten dituen migrazio behartuak izango dituzte ardatz.

2018an, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalak 70 urte bete dituen honetan, beharrezkoa da gogoraraztea pobrezia-egoeran dauden milioika pertsonaren giza eskubideak neurririk gabe urratzen direla. Pertsona horiek, pobreziaren, gatazken, hondamendi naturalen eta gerren eraginpean, emigratu beste aukerarik ez dute izaten, babesa edo bizitza hobea bilatzeko asmoz.

Antolatzaileek salatzen dute klima-aldaketa dela munduko migrazioen kausa nagusia. 64 milioi pertsonak utzi behar izan dute beren etxea klima-aldaketaren edo ingurumenarekin lotura duten arrazoien ondorioz. Arrazoi horiek dira, besteak beste, tenperaturen gorakada drastikoa, orokorrean habitataren degradazioa; eta uholdeak lehen laborantzarako erabiltzen ziren lurretan, uren kutsadura, deforestazioa eta desertifikazioa zehatzago esanda; baita muturreko tenperaturak eta klima-baldintzei lotutako hondamendi naturalak ere. Horrez gain, NBEren arabera, 20 urteren buruan klima-aldaketarekin lotutako arrazoien ondorioz lekualdatutako 1.000 milioi errefuxiatu baino gehiago egongo dira, adierazten dute.

Fenomeno horrek bereziki eragiten die emakumeei; izan ere, ingurumen- edo klima-arrazoiengatik lekualdatutako munduko pertsona guztien % 80 inguru emakumeak dira. Lehorteen, lurrak pobretzearen eta desertifikazioaren ondorioz, gero eta zailagoa da familientzako mantenua lortzea, eta hori emakumeen lana izaten da gehienetan. Horrek eragina du, gainera, eskolan igarotzen duten denboran, eta nekazaritza lan gogorrera dedikatu behar duten denbora ere biderkatzen da. Bestetik, migrazio-prozesuan bertan, emakumeak eta neskatoak izaten dira sexu-indarkeriaren eta pertsonen trafikoaren biktima nagusiak.

Eragile antolatzaileek egoera honi buelta emateko guztion inplikazioa beharrezkoa dela dioten eta ekimenen bidez honako hau exijitzen dute:

-Nazioarteko itunek aitor dezatela ingurumenari lotutako arrazoiengatik migratzen duten pertsonen estatus juridikoa.

-Nazioarteko komunitateari, betebeharrak betetzen ez direnean aplika ditzala karbono-isurketei muga jartzen dieten ekintza politikoak eta, neurri zehatzen bidez, susta ditzala ingurumenerako jasangarriak, sozialki justuak eta ekitatiboak diren eredu sozioekonomikoak.

-Europan migrazioari, asiloari eta muga-kontrolari lotutako politika zuzenak, etorrera, harrera eta asiloa bide seguru eta legezkoen bitartez egingo dela bermatze aldera.

-Baliabide naturalen kudeaketa zuzena.